XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GIZA EHIZA

Animaliak ehizatzea askotan sedukzioarekin edo ezkontzarekin parekatu da, eta alderantziz, limurtzea ehizaldiarekin ere bai.

XIX. mendeko neodarwinista batzuek (J. F. =mCl=ennan eta lord Aveburyk, adibidez) lehen gizonek beren emazteak lortzeko metodoaren eredua ondoko komunitateetako emakumeak indarrez harrapatzea zela pentsatu zuten.

Ia unibertsala den intzestu-debekua bikotekidea norbere leinu edo familiatik kanpo bilatzearen ohituratik sortu zela dirudi (ikus 194-201. orr.).

Teoria honen aldeko froga gutxi dago.

Gehien aipatzen den adibidea Kolonek Karibeko bertakoei buruz egindako deskribapena da: Umeak beste irletan egiten zituzten, han ahal zituzten emakume guztiak harrapatuta.

Baina Kolonek dioenez, beren zerbitzura eta ohaide moduan mantentzen dituzte, baina ez emazte gisa.

Bestetik, Karibeko ezkontza-arauek lehengusu arteko (hau da, talde barneko) senar-emazteak izatea zorrotz ezartzen zuten.

Amazoniako misiolari espainiarrek ziotenez (Amazonian emakume-lapurreta zen herri askoren arteko borroka pizten zuena), harrapatutako emakumeak esklabo gisa, eta ez emazte gisa, mantentzen zituzten.

Bai Ipar Amerikan eta bai Hego Amerikan normala zen gerran harrapatutako emakumeak tribuko emakumeen esku uztea, beren lanetan lagun ziezaieten.

Navajo herrikoek hain zuzen utuen emakumeak lapurtzen omen zituzten, saskigintzan trebeak zirelako.

Bestetik, maitale-ihesa edo emakumea gezurretan lapurtzea maiz gertatzen da Afrikan, baina aurrez neskaren familia ados egonda egiten dute.

Kenyako waitate herrian emaztegaia garrasika eramaten zuten senargaiak eta lau lagunek, ondoren neska ugari txaloka zituztela.

Polinesiako tikopiek emazte-gaiak hogeiko hamarkada arte bahitu zituzten, oso arau landuen arabera.

Gizonak jazarri eta esku hutsik sakrifikatzen zituzten menade edo emakume basatiak, eraso erotikoen gai ere izan zitezkeen.

Hori ikusten da K.a. IV. mendeko ontzi honetan.